XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskolioa

Ikusten dugu, beraz, nola izaten ahal den, maiz gertatzen den bezala hor aitzinean ez duguna hor balitz bezala kontenplatzea. Eta izan daiteke oraino beste kausa batzuengatik hori bera gertatzea; baina aski zait hemen kausa baten ematea, nola den gauza erakusteko, bere egiazko kausaz egin banu bezala.

Eta ez zait horregatik iduritzen egiazko kausa hartarik hain urrun nabilela, zeren postulatuekin ene gain hartu dudan guztia esperientziaren emaitza baita eta ez baitzaigu zilegi neholaz ere zalantzan ezartzea erakutsi dugunaz geroz giza Gorputza Existitzen dela guhaurk bera sendi dugun moduan (ikus 13. Prop. ond. Korol.).

Eta, bestalde, (aitzin. Korol. ampamp; 16. Prop. 2. Korol. arab.) argi ikusten dugu zerk bereizten dituen, adibidez, Petriren ideia, Petriren beraren Izpirituaren esentzia osatzen duena eta beste gizon batek, demagun Paulok, daukan Petriren ideia.

Lehenak, ezen, zehazten du zuzenki Petriren Gorputzaren esentzia, baina ez du existentziarik barne hartzen, Petri existitzen den ber baizik. Bigarrenak, aldiz, Pauloren Gorputzaren egoera azaltzen du Petriren izaera baino hobeki; eta, horrela, Pauloren Gorputzaren egoerak berdin irauten dueno, Pauloren Izpirituak, Petri existitzen ez bada ere, aitzinean hor balu bezala kontenplatuko du.

Eta, gainera, ohiko hitzak erabiltzeko, kanpoko gorputzak aitzinean hor bagenitu bezala itxuratzen dituzten giza Gorputzaren afekzioen ideiak, gauzen irudiak deituko ditugu, nahiz ez dituzten gauzen itxurak marrazten. Eta gure Izpirituak horrela kontenplatzen dituelarik gorputzak, erranen dugu haiek irudikatzen dituela.

Eta orain, errakuntza zer den adierazten hasteko, nahi nizueke ohartarazi Izpirituaren irudikapenek ez dutela, berenaz, errakuntzarik edukitzen edo, bestela errateko, makurtzen baldin bada Izpiritua, ez dela hori gertatzen irudikatzen duelako baina, bakarrik, hor aitzinean balitu bezala irudikatzen dituen gauzen existentzia ukatzen duen ideia eskas duelako.

Zeren eta, existitzen ez diren gauzak bere aitzinean hor dauzkala irudikatzen duen aldi berean Izpirituak baleki gauza horiek ez direla egiazki existitzen, ez da dudarik irudikatzeko ahalmen hori bere izaeraren bertute baten kontu ezar lezakeela eta ez bizio baten gain; orozgainetik irudikatzeko ahalmen hori bere izaera soilari balegokio, erran nahi baita (1. Zat., 7. Def: arab.) librea balitz Izpirituak duen irudikatzeko ahalmen hori.